Alan R. King's
website · tzawalamat · webgunea
English
Español
Euskaraz
Basque work
Nawat work
Nawataren inguruan
ARK Language Services

 

English Español Euskaraz


Hona hemen, gutxigorabehera, nawataren inguruan azken urteotan egiten ibili naizen eta nabilen gauza batzuen zerrenda:

  • 2002 urtean hasi nintzen nawatera ikasten.
  • Bi urtez, 2003an eta 2004an, El Salvadorren bizi nintzen garaian alegia, bertako unibertsitate batekin elkarlanean proiektu bat sortu nuen, eskualdeko eskoletan, LHn, nawatera bigarren hizkuntza bezala irakasteko erabiliko ziren ikas-materialak sortzeko asmoarekin. Egingo ziren testuliburuen izenburua Ne Nawat Tutaketzalis ("Nawatera, gure hizkuntza") zen. Proiektuan bost mailatako liburuak egiteko asmoa zehaztu arren, lehenengo biak bakarrik egin ziren. Bi urte pasa ondoren, delako unibertsitateak erabaki omen zuen nahikoa egina nuela eta nire laguntzarik gabe aurrera jarraitzeko prest zeudela, eta etxera bidali ninduen. Geroztik, egindako material eskasak gero eta maila gehiagotan erabiltzearekin konformatu da.
  • Bertako nawat-dunekin eta nawat-zaleekin bilerak eta mintegiak antolatu nituen, nawateraren egoera, aurrerabide eta abarrez hitz egiteko.
  • TIT bulegokoen laguntzarekin (ikus behean), lehen aipatutako eskola-egitasmoaren markoaren barruan nawatera irakasleak prestatu eta trebatzeko lehen bi urteroko ikastaro trinkoak planifikatu, diseinatu, programatu, antolatu, prestatu, koordinatu eta irakatsi nituen. Ikastarook zenbait aste irauten zuten eta bertan maisu-maistrei nawatera eta irakasteko teknikak inpartitu zitzaizkien.
  • Nawateraren ikerkuntza linguistikoari abiapuntu bat eman nahian edo, hiztun batzuek eginiko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren itzulpen baten ikerketa eta azterketa monografiko bat burutu nuen. (Neure unibertsitateari eskaini nion lana, baina nik dakidanez ez diote inoiz inolako jaramonik egin.)
  • Lan egiten nuen unibertsitatean, nawaterari buruzko ikastaro labur bat eman nuen.
  • Aipatu proiektuaren markoan, sortu eta abian jarri nuen nawateraren bulego bat Ijtzalku edo Izalco izeneko herrian. Herri hau pipil nazioaren erdigune historiko eta sinbolikoa da, eta 1932ko sarraskirik sonatuenaren lekua ere; nolabait esateko, pipilen "Gernika", esan genezake. Bulego honi Tajkwiluyan Ipal Ne Taketzalis ("Hizkuntzaren(tzako) Bulegoa", TIT) izendatu genuen; hiru bulegari ginen. Nik unibertsitatetik alde egin ondoren bulegoa desagertu egin zen.
  • Herri ekimen bezala sortu zen elkarte bat abian jartzen lagundu nuen: Iniciativa para la Recuperación del Idioma Náhuat (IRIN) - Te Miki Tay Tupal ("Gurea Ez Da Hilko"). Honen testuinguru zuzena, El Salvadorko unibertsitate hark lehenbizi hitzetan bultzatu eta bereak izatea nahi omen zituen proiektuak benetako laguntza eta baliabideekin hornitzeko ukoa izan zen, "bere" proiektuok zeharo kolokan jarriz. Inolako laguntzarik ematen ez bazitzaien, ekimen horiek (eskola-egitasmoa eta horren inguruko lan guztiak, testuliburuena barne) ez zuten izango irtenbiderik, beraz IRIN bezala antolatu ginen gure kabuz bolondres moduan gure ekarpenak egiteko. Baina IRINi berari misio zabalago bat eman zitzaion, hots: bere baliabide guztiak direla medio nawataren aldeko edozein ekimeni laguntzea. IRINeko kideen artean baziren jatorrizko nawat hiztun batzuk, nawatera ez zekiten pipil lurraldeko biztanle batzuk, eta El Salvadorko beste lekuetako (adibidez, hiriburuko) eta kanpoko gizabanako batzuk. Izalcon kokatuta dago eta bertan ospatzen dira IRINen bilerarik gehienak. Lehen garaian unibertsitatearen proiektuan izandako rol erabakiorraz gain (eta rol hori, hain zuzen, ez da inoiz aitortua izan), hizkuntza berreskurapen prozesurako guztiz garrantzitsuak diren beste lan batzuk hartu ditu bere gain IRINek, hala nola nawaterari buruzko liburu eta materialak inprimatu eta banatzea, eta bestalde, dokumentazio proiektu handi bat burutzea. Azken honen ondorioz, nawat hiztunen arteko hainbat elkarrizketa audio eta bideo grabaketetan jaso dira.
  • Seminario Lingüístico Náhuat delakoa sortu nuen; bere lehen garaian, honek gai garrantzitsu batzuk landu zituen, hala nola proposamen ortografiko bat, barne-bariazio dialektalaren gorabeheren azterketa, eta hiztegi kontuak.
  • Azken urte hauetan nawaterazko testuen corpus bat garatu dut; testuok guztiz oinarrizkoak dira nawateraren ikasketa, ikerketa eta garapenerako.
  • Lexiko-iturri ezberdinak elkartzen dituen NawatLex izeneko datubase baten prototipoa garatu nuen. Geroago, bestelako datubase-sistema bat sortu nuen (NawaCoLex); honek testu-corpuseko eta lexikoetako datu guztiak marko integratu bakar batean biltzeko meritua du. 
  • Shimumachti Nawat ("Ikasi Nawatera!") izeneko liburuxka sail bat idatzi nuen, helduentzako ikasgai errazez osatua; liburu horiek eta beste batzuk IRINek ekoiztu eta banatzen ditu. Geroago, material berdinak gehixeago garatuz, Timumachtikan Nawat ("Nawatera Ikas Dezagun!") izeneko sareko ikastaro bat osatu nuen, pertsona askok erabili dutena eta gaur egun ere asko erabiltzen dena. Berrikiago, materialok eguneratu eta berrantolatu ditut saretik (webgune honexetatik alegia) PDF moduan jaits daitekeen liburu gisa, oraingoan Timumachtikan! ("Ikas Dezagun!") izenpean. 
  • Hizkuntzari buruzko beste zenbait material ere idatzi nituen, IRINek ekoiztu eta banatzeko, beharren arabera, hala nola oinarrizko lexiko labur bat eta oinarrizko gramatikazko arau-bilduma bat.
  • IRINen argitalpen bat prestatu nuen hiru hizkuntzatan, Genaro Ramirez Vasquez hiztunaren idatzi txiki batzuk biltzen dituena: Naja Ni Genaro ("Ni Genaro Naiz").
  • TIT lantaldearekin sortu, ekoiztu eta banatu nituen Izalcoko eskualde mailako aldizkaritxo bat, Tinemit ("Bagara") izenekoa, nawatezko testu batzuk dakartzana.
  • Bibliako Hasiera (Genesis) liburua jatorrizko hebraieratik nawatera itzuli nuen (IRINek inprimatu eta banatzen duena).
  • Nawateraren corpusean dagoen bildumarik handienaren edizio bat prestatu nuen, nawateraren oraingo ortografia "batuan", hots, Tajtaketza Pal Ijtzalku. (Webgune honetatik jaits daiteke.)
  • Jadanik Euskal Herrian nengoenean, IRIN aholkatu nuen goian aipatutako bere dokumentazio proiektu handiari ekitean. Elkarrizketen grabaketak burutu ostean, haietako batzuen transkribaketa prozesua gidatu eta zuzendu nuen. Eta hori eta gero, elkarrizketa horietako zenbaiti azpitituluak jartzeko egitasmo bat (bi bertsiotan, bat nawaterazko azpitituluekin, bestea gaztelaniazkoekin) gainbegiratu nuen; horretarako transkribaketak gaztelaniarako itzulpenak ere neuk egin nituen. Dagoeneko beste programa bat dut martxan material azpititulatuotatik entzumena lantzeko material didaktikoak sortzeko, Mukaki ("Entzuten da") izenekoa. Webgune honetan aurkitzen dira burututako zatiak.
  • Lan asko egin dut arestian sareko komunitate nawat-zalea garatzeko, gero eta pertsona gehiago erakartzen ari dena, nawatera ikasi eta hizkuntza berreskurapen mugimenduan parte hartu nahi dutenak. Hau Facebook-ean sortu ditugun hainbat orrialde eta taldetan mamitzen ari da. Gehiago jakiteko, "Salvemos el Idioma Náhuat" delako taldera jo dezakezu Facebooken.
  • Biblia kristau osoa nawaterara itzultzeko proiektu batean nago, itzultzaile bezala. Honez gero Itun Berria osoaren itzulpena bukatu dut; hau sarean aurkitzen da jada, Ne Bibliaj Tik Nawat delako webgunean. Orain bertan nawaterazko Itun Berriaren hiztegia garatzen ari naiz; proiektu berak eskuartean dudan nawaterazko gramatika bat ere laguntzen ari da.
Gehiago jakin nahi bazenuke nawaterari buruz, ikusi webgune honetan dagoen Nawat Resources izeneko atala. Hara joateko, egin klik orrialdeen goi partean dagoen estekan edo bestela hemen.

Home page   |  Nawat Resources   |  Facebook   |  Timumachtikan!   |  Mukaki!   |  Léxico